| | Xabat Galletebeitia
| |
Atzo jokatu zen Berriatuan (Bizkaia) bertsolari gazteen sariketen artean poliki-poliki entzutea lortzen ari den Berritxu sariketa. Gure bertso eskolako Amaia Iturriotz bertan aritu zen kantuan, Xabat Galletebeitia, Txomin Elosegi, Xabi Igoa, Eneko Arrate eta Ioar Taintarekin batera. Azkenean, Xabat Galletebeitiarentzat izan zen saria, Balentin Lakak egindako egurrezko eskultura. (*) Saioko aukeraketa bat ikusteko egin klik hemen
Eneko Arrate (Markina), Txomin Elosegi (Hazparne), Xabi Igoa (Aramaio), Ioar Tainta (Lesaka) eta Xabat Galletebeitia (Lekeitio) bertsolariak izan ziren Amaiarekin batera kantuan aritu zirenak. Saioa umoretsua izan zen orohar, lagun girokoa, areto txikia, entzule kopuru polita, bertsotarako giro egokia.
| | Xabat Galletebeitia, atzean Eneko Arrate eta Txomin Elosegi dituela |
Lehen fasean, ofiziotan aritu ziren bertsolariak, binaka, 8ko handian eta txikian. Ofizio umoretsuak izan ziren gehienak, eta entzuleek izan zuten gozatzeko aukerarik. Guztira 6 bertso kantatu zituen lehen fase honetan bertsolari bakoitzak. Lehen fasearen ostean, epaimahaiak hiru bertsolari aukeratu zituen bigarren fasean kantatzeko: Xabat Galletebeitia, Txomin elosegi eta Xabi Igoa. Amaiak ez zuen galbahea igarotzerik lortu, 8ko handian bertso batek ihes egin zion eta ondoren 8ko txikian kolpe politak izan zituen arren, aukerarik gabe geratu zen.
| Amaia Iturriotz eta Xabi Igoa, ofiziotan
|
Bigarren fasean, puntuari erantzun behar izan zioten fase horretara igaro ziren hiru bertsolariek, hitzari bertso bat eta gaiari bakarka bi bertso bota aurretik. Bigarren fase honetako ariketetan, aurretik ofiziotan aipatutako hainbat konturi buruzko erreferentziak izan ziren, eta baita sariketa jokatu zen ordu berean munduko futbol txapelketan jokatzen ari zen Espainiako futbol selekzioaren inguruko kontuak ere. Epaimahaiak puntuak batu bitartean, sei bertsolariek puntukako saio bat egin zuten, saio benetan umoretsua. Azkenean, Xabat Galletebeitia izan zen nagusi, eta Txomin Elosegi bigarren. Berriatuako Liborio bertsolari beteranoaren bertso gogoangarri batekin eman zitzaion amaiera sari banaketari.
| Amaia, amaierako agurra kantatzen
|
| Txomin Elosegi pozik, bigarren saria eskuratu ostean
|
| | Xabat Galletebeitia, Iratxe Ibarra bertsolariaren eskutik saria jasotzen |
| Liborio, kantuan
|
| | Bertsolariak, sari-emaileak eta antolatzaileak, amaieran |
|