Brontzea eta zilarra baino
askozaz ere gorago,
zenbat bizitza eta zenbat lur
mineral batek akabo.
Mundu guztia urrean bila
erotu beharren dago,
maitasunak bai balio dula
urreak baino gehiago.

Maialen Akizu (2010-6-19)

« < Iraila 2010 > »
A A A O O L I
30 31 1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 1 2 3
   
No events

Bertso eskolako familia pozik, Euskal Herriko txapelketa igaro berritan
asteartea, 2010(e)ko ekaina(r)en 22-(e)an 04:14etan


 
 Maialen Akizu, txapela buruan duela
 

Iragan larunbatean jokatu zen Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapelketaren XXII. edizioaren finala, Aguraingo Harresi aretoan; bertan gure bertso eskolako Maialen Akizu (txikien mailan) eta Amaia eta Mikel Iturriotz anai-arrebak (handian mailan) izan ziren kantuan. Maialen Akizuk txapela jantzi zuen txikien mailan eta Amaia Iturriotzek bigarren postua erdietsi zuen maila nagusian. Pozik egoteko moduko emaitzak, beraz, beste urte batez.
 
 
 
 (*)  Txikien saioko bertso hautatuak ikusteko, egin klik hemen
(**) Handien saioko bertso hautatuak ikusteko, egin klik hemen

Hamalau urte arteko gaztetxoen mailan herrialde bakoitzeko bi bertsolari izan ziren kantuan, eta Gipuzkoa ordezkatuz, gure bertso eskolako Maialen Akizu eta Aratz Igartzabal gabiriarra izan ziren kantuan. Biek saioaren lehen zati oso ona egin zuten, eta bigarren fasera pasatzea lortu zuten, Aitor Bizkarra (Abadiño), Txaber Altube (Abadiño), Aitor Servier (Azkaine) eta Peru Abarrategi (Aramaio) bertsolariekin batera. Ondorengo argazkian, txikien mailan parte hartu zuten bertsolariak ageri dira:
 

 Txikien mailan kantatu zuten bertsolariak; Maialen, goian ezkerretik lehena
 
Bigarren fase horretan, Maialenek gora egin zuen, eta txapela janztea lortu zuen azkenean, ondo merezita. Aipagarria da, “urrea” hitza gaitzat hartuz, Maialenek bota zuen bertsoa: “Brontzea eta zilarra baino / askozaz ere gorago // zenbat bizitza eta zenbat lur / mineral batek akabo // mundu guztia urrean bila / erotu beharren dago // maitasunak bai balio dula / urreak baino gehiago”. Maila honetan, Aitor Bizkarra bizkaitarrak lortu zuen bigarren postua. Abadiñoko bertsolaria fin eta bizi ibili zen haseran, baina amaiera aldera behera egin zuen pittin bat eta ezin izan zion Akizuren erritmoari eutsi.
 

 Maialen Akizu, lau oinak emanda kantuan
 
Aratz Igartzabal gabiriarrak, bestalde, bere-bereak dituen umorea eta bizitasuna erakutsi zituen saio osoan zehar, eta etorkizun handiko bertsolaria dela erakutsi zuen beste behin ere.
 

 Aratz Igartzabal, kantuan
 

 Aratz Igartzabal, Maialen Akizu eta Aitor Servier, saioan
 
Bazkalostean, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen saioari ekin zitzaion, eta maila honetan gure taldeko Amaia eta Mikel Iturriotz anai-arrebak izan genituen kantuan, Gipuzkoako ordezkari gisa.
 

 Handien mailan kantatu zuten bertsolariak (tartean Amaia eta Mikel)
 
Haseran bertsolari guztiak aritu ziren kantuan, eta sei bertsolarik gainditu zuten epaimahaiaren galbahea, tartean Amaiak: Ainhoa Comas (Amurrio), Txomin Elosegi (Hazparne), Maiana irigoyen (Baiona), Nerea Ibartzabal (Markina), eta Mattin Luku (Donibane Garazi) izan ziren, Amaiarekin batera, galbahea pasa zuten bertsolariak.
 

 Iturriotz anai-arrebak, ofiziotan
 
Mikel ere fin aritu zen, baina ofiziotan txispa gehixeagorekin aritzea falta izan zitzaion, agian, bigarren faserako txartela lortzeko. Edozein kasutan, handien mailan kantatu duen lehen urtea izateko aurtengoa, lan bikaina egin du Mikelek, nola Gipuzkoakoan, hala Euskal Herrikoan.
 

 Mikel, larunbatean Agurainen kantuan
 
Bigarren fasean, puntuari erantzuteaz gain gai bati bi bertso kantatu behar izan zizkioten bertsolariek. Gaiak honela zioen: “goizeko ordubiak dira eta parrandan zaude lagunekin. Sakeleko telefonoari begiratu eta gurasoek zazpi aldiz deitu dizutela ikusi duzu”. Lehenengo bertsoan, ordularia eta gurasoak izan zituen hizpide Amaiak, tamalez bat ez datozela esanaz. Bigarren bertsoa, honako hau kantatu zuen: “Urtarrilean bete nituen / jada hamazazpi urte // ta festarako ere badaukat / nik nahi adina bertute // basoa hartu dut adiskide / eta taberna arkupe // halare etxera noa oraintxe / bai hori bera det uste // hainbeste ezin dute sufritu / nere kapritxoen truke”.
 

 Nerea Ibartzabalek ere maila oso ona eman zuen larunbatean
 
Azkenean, Amaiak bigarren postua lortu zuen, Baionako Maiana Irigoienen atzetik. Bertsolari baionarrak saio erregularra josi zuen, eta bertsotan egoki egiten dakiela erakutsi.
 

 Maiana Irigoien, kantuan, Ainhoa Comas aldamenean duela
 
Arratsaldean, bertsolarien agurren eta sari banaketaren txanda iritsi zen, eta bakoitzak bere ingurukoak izan zituen gogoan, bertso eskola, lagunak, familia, herria… eta baita Euskal Herritik urrun daudenak ere. Euskal Herriko finalean parte hartu duten bertsolari guztiek, sari bat izango dute: txikienek, egunpasa bat irailean, eta nagusiek, asteburu pasa. Zorionak denei, lan bikaina egin duzue beste behin ere!
 

 Mikel Iturriotz,finalista saria jasotzen
 

 Maiana Irigoien, handien mailan txapelduna, sari banaketan
 

 Maialen Akizu, txapela buruan
 

 Amaia Iturriotz, Maialen Lujanbioren eskutik finalista saria jasotzen

 


 Maialenen aldeko pankarta

 

 Taldeko argazkia, amaieran