Herrian omen naiz ni
tipo ezaguna,
sagardotegin eta
egin det ahal nuna,
baina nik nahi det jakin
hau idatzi duna,
bera baita azal
eta hezurra,
zuk merezi dezula
gaurkon egurra,
puskatuko dizut nik
zuri sudurra,
kamaran bat faltatzen bada
nei ez deitu lapurra,
baten batzuek zenuten
nerekin duda!

Azkaraten kamara hori da!
Azkaraten kamara hori da!
Azkaraten kamara hori da!


Aitor Zaldua, 2012-3-17

« < Ekaina 2013 > »
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
   
No events

Zumarraga-Urretxuko bertso eskolaren historia laburra
 
  Juanjo Sagastibeltza
Juanjo Sagastibeltza eta 1996an desagertu zen Iñaki Beitiaren eskutik hasi zuen modu antolatuan bere ibilia Zumarraga-Urretxuko bertso eskolak. Ia 20 urte igaro dira ordutik. Irakurle gehienek gogoan izango dute Iñakik euskara eta euskal kulturarekin zerikusia zuen edozein ekimen bultzatzeko zuen aparteko kemena. Juanjo Sagastibeltza, berriz, bertsozale amorratua zen, eta ahalegin berezia egin zuen bertsoaren teknika menderatu eta orduko gaztetxoei helarazteko. Biek jarri zuten martxan gurean bertsoaren trena, haseran mantso antzean ibili baina urtetik urtera abiadura hartzen joan zena. Egungo egoerari erreparatuz, ondorioa berehalakoa da: zaila izango da tren hori errailetatik irtenaraztea.

 
Iñaki Beitia
 
Inguruko herrietan bertso eskolak jaio ahala, Zumarraga-Urretxun ere bertso eskola sortzearen beharra somatu zuten Iñaki Beitiak eta Juanjo Sagastibeltzak orain ia 20 urte. Lehenago Juan Mari Balentziaga ere aritu izan zen Ikastolako zenbait haurrekin Luzio Gabiriak prestaturiko ariketak lantzen, ondorengo bertso eskolaren aurreneko ernamuin dei dakiokeen taldean. Iñaki eta Juanjoren eskutik, bultzada handia jaso zuen bertso eskolak, eta gaur egun taldearen gidaritza daramatenez gain, gazte ugari igaro zen bertatik. Poliki poliki, lotsa galdu eta bertso eskolako gelatik plazara irteten hasi ziren gazte haiek, eta herrian ez zen oharkabean pasa bertsolaritza sustatze aldera Juanjok eta Iñakik egindako lan itzela. Lehenago ez bezala, herriko hainbat ekitalditan zegoen gazte haien bertsoak entzuteko aukera. Urteak igaro ahala, ikasle izandako gazte haiek bertso eskolaren ardura hartzen hasi ziren; gaur egun ezagutzen dugun bertso eskolaren hasiera iragarri zuen errelebo hark. Horrela, herriko hainbat bertsozaleren eskaerari men eginez, helduen bertso eskola izenez ezagutzen denak hazkunde garrantzitsua nozitu zuen 2000. urtearen bueltan. 2001eko irailean, bestalde, Zintzo Mintzo euskaltzale elkarteak gaztetxoen bertso eskola berrindartzeko proposamena egin zien bertso eskolako arduradunei. Modu honetan, zutik ziren, azkenean, bertso eskolaren egungo bi habe nagusiak: helduena eta gaztetxoena.

Helduen bertso eskolak larunbat goizetan izaten ditu saioak astero, eta giro onaren epelean, hainbat ekimen arrakastatsu eraman dira aurrera urteotan, Martxoan bertsoa ekimen entzutetsua kasu. Bertso tramak, bertso musikatuak, bertso afariak… eta berdinik ez duen herriko bertsolari txapelketa umoretsua. Gaztetxoen bertso eskolako ikasleek, berriz, ostiral arratsaldetan izaten dituzte saioak astero, adinaren araberako hiru taldetan banaturik. Asteroko jardunaz gain, gaztetxoek ere hainbat ekitaldi berezi egin ohi dituzte urtean zehar eta herrian ez ezik herritik kanpo ere ezagun bilakatu da gure herriotako gaztetxo hauen jarduna. Azken urteotan, sona handiko hainbat sari eta garaikur heldu dira herrira gaztetxo hauen eskutik. Garrantzitsuena, ordea, euren artean dagoen aparteko giroa da. Uneotan, Zumarraga-Urretxuko bertso eskola sasoiko dagoela eta, taldeak daraman martxa ikusirik, datozen urteotan hala jarraituko duela esan daiteke. Hala izan bedi.
 
Gaztetxoak - 2002ko ekaina
Helduak - 2002ko ekaina