| | Amaia Iturriotz, txapelduna
| |
Atzo jokatu zen Donostian Gipuzkoako 29. eskolarteko txapelketako finala, Manteo kiroldegian, eta bertan Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako gaztetxoek lan benetan txukuna egin zuten. 14 urte arteko txikien mailan, talde bat izan genuen kantuan, eta 14 urtetik 18 urtera bitarteko handien mailan, Manex Mantxola eta Amaia Iturriotz. Azken honek, saio benetan borobila osatu ostean, txapela jantzi zuen. (*) Txikien saioko bideoak ikusteko, egin klik hemen. Handien saioko bideoak ikusteko, berriz, hemen.
Lau kanporaketa jokatu ostean, Donostian jokatu zen ostiralean, esan bezala, final handia. Txikien mailan, Mikel Iturriotz, Beñat Torres eta Leire Akizuk osatutako taldea izan genuen herriko ordezkari. Gure taldeaz gain, Goierriko taldea, Hernaniko taldea eta Asteasu-Alegiko taldea izan genituen kantuan. Saio bizia izan zen txikien mailakoa, eta azkenean Asteasu-Alegiko taldeak jantzi zuen txapela. Gure taldeak lan oso txukuna egin zuen, eta lan horri esker, Mikel Iturriotzek datorren ekainaren 20an Altsasun jokatuko den Euskal Herriko txapelketan kantatzeko aukera izango du, Asteasuko Haritz Mujikarekin batera. Leire Akizuk eta Beñat Torresek bertso onak kantatu zituzten eta amaieran pozik ziren egindako lanarekin, txapelik jantzi ez arren.
| | Andoni Egaña, Mikel eta Leireri 4 oinak ematen |
Handien mailan, Manex Mantxola eta Amaia Iturriotz urretxuarrak izan genituen kantuan, Ane Labaka, Oihana Iguaran, Imanol Irazustabarrena, Ainhoa Mujika, Asier Azpiroz eta Mikel Olaizolarekin batera. Lehenengo aldiz ziren kantuan handien mailako finalean Manex Mantxola eta Amaia Iturriotz, eta maila bikaina eman zuten saio osoan zehar. Manexek, bere kantakera lotsagabe eta umoretsuaz, entzuleak poltsikoratu zituen lehenengo bertsotik, eta Amaia Iturriotzek, berriz, akatsik gabeko saio ederra osatu zuen, tarteka goia jo zuten bertsoak kantatuz. Ofiziotan, Asier Azpirozekin kantatu zuen. Gai hau jarri zien Andoni Egaña gaijartzaileak: Asier Azpiroz praktiketan dago Amaia Iturriotzen enpresan eta lan asko bidaltzen diola eta kejatu egin da. Amaiak erantzun dotoreak eman zizkien Asier Azpirozen bertsoei.
| Asier Azpiroz eta Amaia Iturriotz, ofiziotan kantatzeko prest
|
Saioaren bigarren zatian, bakarka puntuari erantzun behar izan zioten bertsolariek eta gaiari bertso bat bota doinu eta neurri librean. Amaiari tokatu zitzaion gaiak honela zioen: 120 euro balio zuten zapatila batzuk nahi zenituen urtebetetze egunerako eta gurasoek 30 euroko 4 pare erosi dizkizute, bakarra baina garestia erosi beharrean. Amaiak bertso hau kantatu zuen: “Opari guztiz bikaina nahi nun / urtebetetzean aurten // garestia ez erostearren / lau pare hortxe erosten // parean dauzkat ta harridura / ezin det aurpegitik ken // halare asko gustatu zaizkit / zoriona ezin eten // orain lau niki beharko ditut / kolorek pega dezaten”. Amaierako agurrean, bertso eskolako lagunak eta familia gogoan izan zituen Amaiak.
| | Bertso eskolako familia argazkia, atzo Manteon, saio ostean |
Amaieran, beraz, Amaia Iturriotz izan zen garaile eta Ane Labaka bigarren, eta biek kantatuko dute ekainaren 20an Altsasuko Euskal Herrikoan. Bestalde, bertsopaperetako sariak ere banatu ziren ostiralean Manteon, eta zenbait aipamen berezi ere etorri ziren herrira; horrela, Jokin Gabilondok, Uxue Milletek, Jone Alberdik, Maialen Akizuk eta Amaia Iturriotzek berak sariak lortu zituen bertso jarrien atalean. Zorionak guztiei! Gogoratu, beraz, datorren ekainaren 20an Mikel Iturriotzek, txikien mailan, eta Amaia Iturriotzek, handien mailan, Euskal Herriko txapelketan kantatuko dutela Altsasun. Zorte on!
| Amaia Urbieta, Imanol Lazkano eta Patxi Goikolearengandik saria jasotzen
|
Jarraian, hona hemen atzoko zenbait irudi. Gozatu!
| Goierriko taldea, agurra kantatzen
|
| Hernaniko taldea, agurra kantatzen
|
| Aratz Irazustabarrena alegiarra, bertsolari handi izateko bidean
|
| | Beñat Torres, sukaldari txapel eta guzti, kantuan |
| Leire Akizu, seguru eta dotore kantuan
|
| Gema Urteaga eta Paul Iruretagoiena, kanturako prest
|
| Eñaut Martikorena, ateraldi latzak dituen Hernaniko bertsolaria
|
| Manex Mantxola eta Ane Labaka: zein doinutan kantatuko dugu?
|
| Mantxola, Egañak jarritako puntua erantzuten
|
| "Mantxola honek ederki kantatzen din ba..."
|
| | Asteasu-Alegi, txikien mailan irabazle. Tartean, Iker Iriarte eta Amaia Agirre |
| Bertsopaperetako sariak ere ostiralean banatu ziren
|
| Saritutako bertsoa kantatzen
|
| Trenaren zain
|
| "Orain Altsasurako entrenatu behar..."
|
|