Brontzea eta zilarra baino
askozaz ere gorago,
zenbat bizitza eta zenbat lur
mineral batek akabo.
Mundu guztia urrean bila
erotu beharren dago,
maitasunak bai balio dula
urreak baino gehiago.

Maialen Akizu (2010-6-19)

« < Iraila 2010 > »
A A A O O L I
30 31 1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 1 2 3
   
No events

Harrera beroa James Jonen laburmetraiak; bertsotan, gabiriarrak nagusi
larunbata, 2009(e)ko otsaila(r)en 28-(e)an 01:45etan

 
 Igartzabal, Murua eta Oiarbide  

Estreinaldi aparta izan du aurtengo Martxoan Bertsoak. Hasteko, ikusmin handia piztu duen "James Jon Ez Doktorearen aurka" laburmetraia aurkeztu da eta Fox leporaino bete duen ikuslegoak harrera benetan beroa egin dio KK in zonak eta bertso eskolak elkarlanean ekoiztu duten zintari. Jarraian, txapelketako lehenengo kanporaketa jokatu da, eta hiru talde indartsuk neurtu dituzte indarrak Foxeko oholtzan. Denen artean saio bikaina josi ostean, Jokin Murua, Endika Igartzabal eta Oier Oiarbidek bildu dituzte puntu gehien.

Bertsozaleen oroimenean iltzatuta luze geratuko da gaurko gaua. Alde batetik, asmo zahar bat nola gauzatu den ikusi dugu gaur, laburmetraia egitearen kontua aspalditik baitzebilen geronen buruetan bueltaka. Jendearen barre algarak eragin ditu proiekzioak, eta amaieran txalo zaparrada batez eskertu du ikuslegoak bertso eskolakook eta Alex Areizagak, Aritz Ormazabalek, Ane Miren Ormazabalek eta Jon Plazaolak egindako ahalegina. Iñaki Lizarralde Foxeko tabernariari ere eskertu zaio grabaketarako taberna goiz oso batez utzi izana. Guztiek, aurtengo Martxoan Bertsoako babesle Aikur erle museoaren ezti potea eta argizarizko kandela jaso dute opari gisa.

Laburmetraia, ahalik lasterren izango duzue ikusgai webgune honetan bertan, baita saioko argazkiak ere argazki bilduman.

 


 Umorea nagusi laburmetraiaren estreinaldian

 


 
 Juanjo Aranburu kantuan
 

Behin laburmetraiarenak eginda, bertso saioaren txanda iritsi da. Maila handiko hiru talde izan ditugu kantuan gaurkoan, Manex Mantxola, Ander Kerejeta eta Aitor Lizarazuk osatutako "Bi eta bat" taldea, Jokin Murua, Endika Igartzabal eta Oier Oiarbide gabiriarrek osaturiko "Mihiluzeak" taldea, eta Juanjo Aranburu, Joseba Segurola eta Iker Otegik osaturiko "Beteranoak" taldea. Agur orijinalen ostean (nabarmentzekoa benetan Manexek, Atxunek eta Ginzek Txikilikuatreren doinuan egindakoa), bertso oso onak entzuteko aukera izan dugu. Saioa orohar oso ona izan da eta haseratik nabarmendu da gabiriarrek, asteroko entrenamentu gogorrei esker, kantatzeko trebetasun aparta dutela. Jokin Murua oso seguru aritu da saio osoan zehar, bertso oso onak boteaz, eta entzulegoaren ustez bera izan da bertsolaririk onena. Endika Igartzabalek ere bere maila agerian utzi du behin baino gehiagotan eta Oiarbide, azken orduko fitxaketa, ez da makal aritu. Entzulegoaren iritziz, baita ere, gabiriarren taldea izan da onena.

 
  Manex kantuan

Zumarraga-Urretxuko bi taldeei dagokienez, urtetik urtera hobetuz doazela nabarmena da. Ginzek 8ko txikian bota duen kolpea gogoratzekoa izan da, Igartzabali erantzunez; Atxun eroso aritu da, nahiz eta puntukakoan gehixeago sufritu duen. Manexi dagokionez, berriz, bertsotarako dohai apartak dituen mutila dela erakutsi du berriz ere, nahiz eta bertso eskolara ohi baino gutxiago azaltzeak hitzak neurtzeko makineria apur bat herdoildu dion. Beteranoak, oso txukun aritu dira, Segurola inoizko lasaien, Ajo (irristadatxo bat izan du azkenaurreko puntua emanda osatu beharreko bertsoan, 8koan hasi beharrean 10eko doinuan hasi ez da bada...) zoragarri, eta Otegi... ai, Otegi, zuk daukazun mailarekin nola utziko dizugu txapelketan parte ez hartzen?

Epaileen puntuaketa honela geratu da azkenean:

1 - Mihiluzeak (Jokin Murua, Endika Igartzabal, Oier Oiarbide): 185.75

2 - Bi eta bat (Manex Mantxola, Aitor Lizarazu Ginz, Ander Kerejeta Atxun): 179

3 - Beteranoak (Iker Otegi, Joseba Segurola, Juanjo Aranburu): 173.5

Laburbilduz, festa itzela Foxen bizitakoa. Martxoan Bertsoa 2009 martxan dago dagoeneko eta hau hasi besterik ez da egin. Gozatu!! 

 

Iruzkina idatzi


Segurtasun-kodea
Berritu